Erabiltzailearen Profila

Helburuak

HELBURU OROKORRA:

Inoren laguntza behar duten adinekoen eta haien senitartekoen bizi-baldintzak egokiak izan daitezen ahalbidetzea, bi aldeek ahalik eta autonomia-mailarik eta bizi-kalitaterik handiena izan dezaten.

HELBURU ESPEZIFIKOAK:

  • Aitona-amonei beren ohiko ingurunean egoteko aukera ematea.
  • Erabiltzaileen premiei programa egokien bitartez erantzutea, ahalik eta ongizate-mailarik eta autonomia-mailarik handiena lortzearren.
  • Erabiltzaileen senitartekoei behar duten laguntza eta aholkularitza ematea, aitona-amonek beren ingurunean egoten jarraitzeko aukera izan dezaten; eta zainketa-lanak egiteko jarraitu beharreko jarraibideen berri ematea.

Erabiltzailearen profila

Zentroan itunpeko 33 plaza ditugu, eta 7 pribatu, astelehenetik ostiralera bitarte. Asteburu eta jaiegunetan, aldiz, itunpeko 8 plaza eta 6 pribatu.

Aiton-Etxe zentroan plaza pribatuak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutako plazak ere baditugunez, zentroan sartzeko eskaera bi modutara egin daiteke:

  1. Itunpeko plazak: dagokion udalaren gizarte-zerbitzuetako sailera jo behar da.
  2. Plaza pribatuak: zuzenean zentrora jo behar da. Autonomotzat sailkatutako erabiltzaileak ere badaude zentroan, plaza pribatu bat lortzeko ez baita baldintza hori bete beharrik.

Hortaz, Aiton Etxe eguneko zentroan askotariko egoiliarrak ditugu: kognitiboki egoera onean daudenak, dementzia arin edo ertaina dutenak (jarduera jakin batzuk egiteko garaian bereizi egiten ditugu), bakarrik edo senitartekoekin bizi direnak, eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko zailtasunak dituztenak edo narriadura-arriskuan daudenak.

Gure erabiltzaileek ezin dituzte eguneroko bizitzako premiak etxean bete, laguntza handirik gabe behintzat, baina hala ere, familia-ingurunean bizitzen jarraitu nahi dute.
Funtsean, hiru erabiltzaile mota ditugu:

  • Desgaitasun fisikoa eta/edo psikologikoa izanik familiaren eta gizartearen laguntza txikia dutenak.
  • Aurreko ezaugarriak betetzen dituztenak baina senitartekoekin bizi direnak; kasu horretan, aitona edo amona etxean zaintzen duten senitartekoentzako laguntza da eguneko zentroa.
  • Bakarrik eta gizarte-arriskuan daudenak, gizartearen eta familiaren laguntzarik ez dutelako, bizirauteko baliabide material egokirik ez dutelako edo urte asko dituztelako. Premia afektiboak eta gizarteratze-arlokoak izaten dituzte, eta premia horiek beteko dizkien arreta eta ingurunea behar dute gizarteari eta familiari dagokienez, bizimodu normalizatuagoa izan dezaten.